XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DISTIRA UNEAK DONOSTIAN

INAZIO MUJIKA IRAOLA

Aita, gaur berriz ikusi ditut txanelak Urumean behera jaisten...

Andene Halabeharrak Stefan Zweig idazle austriarrari patu hobea eta mundualdi luzeagoa eskaini izan balio, eta ez balio ezin itzurizko zita jarri Petropolisen, Rio de Janeirotik hurbil, gerraren herrak zoratutako Europatik ihesi; emango ziokeen, beharbada, Bizkaiko golkoaren urertzean dagoen hiri txiki honi eta bere historiari buruzko ezagutza egiteko aukerarik; eta balizko errotari eragiten hasita, akaso emango ziokeen Zweig-i harako giza historianen distira une (Sternstunden der menschheit) haiei jarraipena emateko adorea eta aldartea.

Bazitekeen, orduan, zergatik ez?, Bulebarreko aulki batean eserita topatzea Zweig, irudimena alha jartzen, Donostiaren historiarekin eta bertako jendearekin lotuta kontakizunen bat barruntatzen.

Goethenen Marienbadeko egonaldia edo Scott-en eta Amundsen-en Hego Polorako ibilbideak azaldu zituen bezala, sail berri bati ekiteko asmoz.

Hala balitz seguru asko zalantzan ibiliko zatekeen, Donostiako bi gertaera garrantzitsuren artean.

Biak izan baitzitezkeen kontagai austriarrarentzat.

Batak zein besteak emango ziotekeen, literaturarako beharrezkoa den distira bidea.

1813ko abuztuaren hondar egunean britaniarrek eta portugaldarrek hiriari su eman ondoren, eta hiria izan zenaren hondakinak hauspean zeudelarik hainbat biztanle mindu etxerik gabeak Zubietako Aizpurua baserrian bildu zireneko garai haren distira ekarriko zukeen irudimenera, ausaz, eta paperera eramateko asmoa sendotuko zukeen.

Hura izan ezean, izan zitekeen handik pixka batera, berrogeita hamar urte, 1863an, hiria estutzen eta oskol barneratua zuen harresi militarra botatzen hasi zireneko garaia; halako eran non, gaur egun ezagutzen dugun Donostiari bidea zabaltzen baitzitzaion, hiri militarra izateari behin betirako utzita.

Garai hartako alkatea ikusten ari naiz erabakia Antzoki Zaharrean irakurtzen.

Horiek biak izan dira, Donostiaren historia hurbila gar sendoz argitu duten bi zuzi irazekiak; bietan ere, gerraren ikur diren sarraskiari eta ausiabartzari, edo hartaz babesteko jarria zen harresi bitartekoari, arkitekturaren eta eraikuntza zibilaren bake ekintza gaineratzen baitzaie.

Halako zerbait erabakitzen duen herriak, izan ere, bizia berekin duela aldarrikatzen du, eta hori ez da herri haren historiarako bakarrik distira une, ezbada gizateri osorako ere bai.

Hala ere, zuzi handi horien ondoan, gizarte guztiari dagozkion zuzi horien ondoan badira distira une batzuk norberanen bizitzan kandela ttiki su ahulekoak badira ere, gizakiaren bizibidea argitzen dutenak, eta gure oroitzapen barru-barrukoenak gar gozoz berotzen dutenak.

Distira ttikiak dira, eta bizitzaren azken muturrera iristeko suertea duenak atzera begiratu, eta haien bero zurbilarekin berotu ohi ditu azken orduak.

Nire oroitzapenean, haurtzaroko Donostiak baditu bere kandelak, eta ez dira kandela horiek berorik gabeak.

Oroitzapena ez baita norbere bizikizunez bakarrik osatzen, badira kandela urrutiko batzuk ahoz ahoko bidean itxuraldatuxeak hainbat besoz osatutako argi-mutilen aniztasunaren aniztasunez, hala ere hotziltzen ez direnak.

Hiriaren eta bion arteko harreman maitasunezko eta gorrotozkoetan, distira une bat azpimarkatzekotan, hor sei bat zazpi bat urterekin gertatutakoa azpimarkatuko nuke.

Eskolara hasi berria, artean, ohi ez bezala, ama ikastetxepera nork daki zer arrazoirengatik bila agertzen ez eta, nola edo hala etxerako bidea bakarrik egin behar izan nuelarik.

Haur batentzat une tragikoa da hori, bat izatekotan.

Izango zen ataka gaitz hartan, negarrari ekingo zionik, izango ziren, isil-isilik, katu akabatuaren aurpegia jarrita inoren arreta jaso arteko onik izango ez zutenak, eta, horrela, errukizko galdera hura galdu egin al zara, ume? entzun nahi zutenak.

Nik, harako hartan, eta nerezko kobardiari aurre eginda, bidea bakarrik egitera deliberatu nintzen, eta, puskak bizkarrean hartuta, behiala amaren eskutik helduta, arreta gabe, egindako bidea, bakarrik deskubritzen hasi nintzen.

Gogoan dut, harresi garai hura, orain handia iruditzen bazaigu, orduko alturatik ikusita itzela iruditzen zitzaiguna, orduan Victor Pradera eta orain Easo deitzen den kale luzean.

Gogoan dut, oraindik ere han delako, erreten txiki hura, San Martin muinoko urak harresiari lotutako goroldioetan behera zetozenak, biltzen zituena, eta umeteriaren jolastoki berezko bihurtzen zena.

Gogoan dut, irakurtzen hasi berriaren abileziak aproban jarri beharrak ematen zidan poza eta harrotasuna.

Hango Im-pren-ta Sán-chez; Par-que-de-Bomberos, a-ño- 1933; Bar Ma-ri-txu; Be-ar-tzana, Xi-o-mara...

Bakarrik hitz egiteko garaia zen, adiskide alegiazko batekin imintzioka...

Gogoan dut etxola zaharkitu behera etorria, eta jende presatia hango atetik barrena sartzen, eta tren berezi haiek Vascongados izenez ezagunak zirenak haien zarata eta ziztuak eta azkenean, Karmeliten eliza.

Ingurune ezagunak etxearen gertutasuna salatzen zidan.

Topoaren geltokia, Ugarteren kaxateria mugarri egiten Donostia berriaren eta zaharraren artean, garai batean iztingadi besterik ez zen leku haietan.

Eta parke txikia bere gerizondo japoniarranekin, akaso loretan egoten den otsaileko egun gutxi bakan haietan.

Semaforoetan gelditu eta, itsaso handiak igarotzeko gure arbasoek behar zuten zangartasun berarekin igarotzen nituen zebra pasabideak.

Halako batean eta etxetik gertu, izebaren aurpegi familiarteko ezaguna ikusi nuen jende arrotz aurpegi soraioen artetatik (...).